XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ihusturia baino arinago joaten zaie aldamenera Hernando, Josepek Terezari zer manatzen dion entzuteko tenorean:
- Tereza, entzuidazu. Ezkondu eginen zera. Hernandorekin. Hernandok hain ongi esan duen bezala, beste konponketarik ez dago. Orain, gora igoko duzu, Hernandorekin mintzatu behar baitut.

- Zuk zernahi esanen duzu, baina ni ez naiz ez Hernandorekin ez beste inorekin ezkonduko.

- Joan zaitez gorantza!

Obeditu egiten du Terezak, baina orain ez bakarrik bihotza, gibela, urdaila, biriak, hesteak eta hestesobrea botatzen ditu kanpora, irainen eta gaizki-esanen indarrez:
- Maitatu zaitut orain artean, Josepe. Baina orain ez zaitut maitatzen, higuindu egiten zaitut. Zu higuintzen zaitut, eta zure aurpegia, eta zure izena, eta zure oroitzapen madarikatua. Eta zure etxea higuintzen dut, eta zure emaztea, eta andre horrekin eduki dituzun haurrak.

Josepe bizitzaren eta heriotzaren gainean agintzera ohiturik dago:
- Andreak honelakoak dira, diotsa Hernandori, Tereza eskaileretatik gora desagertu denean, Kasorik ez zaio egin behar, bestela galdurik gaude gizonak.

- Bai, jauna.
- Zu, Hernando, nun bizi zera?
- Oilarganeko etxola batean, jauna.

- Aurrerantzean Santutxuko bizi-leku eder batean biziko zera. Lau gela, eskaratza eta komun dotorea.
- Oso ederki, jauna.
- Taferna bat jarri nahi dut Santutxun.

- Ba nenkien, jauna.
- Haren kargua eramanen duzu.
- Bai, jauna.
- Irabaziak erdi bana.
- Ederki, jauna.

- Terezarekin ezkonduko zera.
- Zuk atsegin baduzu, bai, jauna.
- Ze kondiziotan ba dakizu?
- Nahi dituzun kondizioetan, jauna.
- Zure etxe berrian niretzako lo-gela bat egonen da. - Bai, jauna.

Zurekin ohean igaren ditudan gauak higuintzen ditut, eta zu gabe igaran ditudan egunak, eta zu ezagutu zindudan eguna, eta ni jaio nintzen eguna. Nire denporako egun eta gau guztiak higuintzen ditut, eta zuk eman didazun haurra, eta emanen ez didazun senarra. Eta batez ere nire burua higuintzen dut. Madarikatuak izan gaitezen biok, zu eta ni, eta mundua, eta Jainkoa, amen!